Zientzia gizartean dibulgatzea eta zabaltzea gero eta garrantzi handiagoa ari da hartzen, eta jada, gobernuek eta erakundeek finantzatutako zientzia ikerketako proiektuen parte izan ohi dira beti.
Munduko zientzia komunitatearen eragile guztiek bere eginkizuna bete behar dute helburu hori lortzeko, ikertzaile nagusi edo proiektuaren zuzendaritik hasita, doktorego ikasleetara. Hori dela eta, Passion for Knowledge 2016 bezalako dibulgazio jaialdi baten testuinguruan, doktorego ikasleei zuzenduriko hainbat dibulgazio prestakuntza jarduera programatu ditugu.
Doktoregoko ikasleen eskutik zientziak eta hark gizartearentzat duen garrantzia zabaltzeko egindako ahalegin berritzaile batean, European Excellence Innovative Training Network-en (Europako Bikaintasun Prestakuntza Berritzailearen sarea) ITN-EJD-TCCM (Europako Doktoregoa Kimika Teorikoan eta Modelizazio Konputazionalean) sareko ikasle talde batek parte hartuko du, eta hainbat dibulgazio jarduera antolatu eta sustatuko ditu, P4K 2016 jaialdiaren testuinguruan. Elkarri lotuta eta elkarren osagarri diren hiru jarduera izango dira, ikasle horien komunikazio gaitasuna eta esperientzia hobetzeko baliagarriak izango direnak:
-
Irakaslea ezagutuz
Doktoregoko ikasleek bi bilera informal egingo dituzte Kimikako Nobel saridunekin, non zientzia eta gizartea izango dituzten hizpide. Taldea DIPCren egoitzan bilduko da, Passion for Knowledge 2016 jaialdiaren hitzaldi nagusietan parte hartuko dute bi gonbidaturekin: Martin KARPLUS eta Dudley HERSHBACH. Bilerak irailaren 27an, asteartea, 10:30etan, eta irailaren 29an, osteguna, 10:30etan izanen dira, hurrenez hurren.
-
Topaketa, bigarren hezkuntzako ikasleekin
ITN-EJD-TCCM sareko doktorego ikasle batzuk bigarren hezkuntzako ikasleekin elkartuko dira. Haien galderei erantzungo diete aurrez aurre, zientziaren garrantzia helarazteko asmoz. Topaketa Donostiako La Salle Institutuan izango da, irailaren 28an, asteazkena, 11:00etan.
-
Blog batean dibulgatuz
Amaitzeko, doktoregoko ikasleek beren doktorego proiektuei buruzko hainbat dibulgazio lan idatzi, eta Mapping Ignorance blogean argitaratuko dituzte. Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Kultura Zientifikoko Katedraren ekimen honen helburua, abangoardiako ikerketa zientifikoa, zientzian adituak izan gabe, nolabaiteko ikasketa maila duten pertsonek ulertzeko moduko hizkuntza batera itzultzea da.
Horrez gain, arratsero, ITN-EJD-TCCM sareko ikasle taldeak parte hartze aktiboa izango du, Victoria Eugenia antzokian emango diren hitzaldi publikoetan.