Hizlari Nagusiak
Biografia
Dame Jocelyn BELL BURNELL
Astrofisika
Oxford University, Erresuma Batua
- Hitzaldi Nagusiak | Asteartea, 27 IRA | Victoria Eugenia antzokia, Donostia | Guztientzat
- Topaketak | Asteazkena, 28 IRA | Bizkaia Aretoa UPV/EHU, Bilbao | Bigarren hezkuntzako ikasleeak
Britainiar astrofisikaria, Glasgoweko Unibertsitatean graduatu
zen Filosofia Naturalean (Fisika) 1965an eta doktoregoa lortu
zuen Cambridgeko Unibertsitatean, 1969an. Cambridgeko
graduondoko ikasle gisa, pultsar baten irrati seinaleak
lehenengoz aurkitu zituen bere tesi zuzendari Antony
Hewishekin batera; Hewishek Fisikako Nobel saria jaso zuen
lan horregatik. Behin doktorego tesia amaitu ondoren, Bell
Burnellek hainbat eginkizunetan lan egin zuen Britainia
Handiko unibertsitate eta erakunde ugaritan, familia bat sortzen
zuen bitartean, eta Princetoneko Unibertsitateko irakasle
bisitaria ere izan zen, Estatu Batuetan. Gaur egun, Oxfordeko
Unibertsitateko astrofisikako irakasle bisitaria, Oxfordeko
Mansfield Collegeko Kidea eta Dublingo Trinity Collegeko
errektoreordea ez ezik, Edinburgoko Royal Society-ko, hots,
Eskoziako Akademia Nazionaleko presidentea da.
Era berean, Britania Handiko Astronomia Errealeko Elkarteko presidente izan da 2002-2004 aldian eta baita Fisikako Institutuko presidente ere 2008-2011 aldian.
Nahiz eta Bellek ez zuen Hewishekin batera Nobel Saria jaso -
eta horrek bere garaian zalaparta handia sortu zuen - hainbat
erakunderen aitortza jaso du. Beste sari batzuen artean,
1973an, Filadelfiako Franklin Institutuko Albert A. Michelson
Domina jaso zuen, 2000an Filosofiako Amerikar Sozietatearen
Magellanic Saria, eta 2015an Royal Societyko Domina Erreala.
Ohorezko aitortza ugari jasotzeaz gain, Royal Societyko kidea da
eta beste lau akademietako kidea ere bada. 2007an, britainiar
erreginak Dama izendatu zuen. Jocelyn Bellek zientzien arloko
komunikazioari egin dion ekarpen bikainari esker, 2010ean
Michael Faraday saria jaso zuen Royal Society-ren eskutik.
Andrew Blake Alan Turing Institutuko zuzendari da 2015eko urritik.
Aurretik Microsofteko zientzialari goren izan zen, baita Erresuma
Batuko Microsoft Research Cambridgeko laborategiko zuzendari
ere. Microsoften sartu aurretik matematika eta ingeniaritza
elektronikoa ikasi zituen Cambridgen (Erresuma Batua), eta
Edinburgoko Unibertsitatean egin zuen doktoregoa, adimen
artifizialaren arloan. Unibertsitateko irakasle izan da 18 urtez,
lehenengo Edinburgon eta berrikiago Oxfordeko Unibertsitateko
Ingeniaritza fakultatean. Azken horretan, aitzindaria izan da
ordenagailuek ikusmena duten makina gisa jokatzea ahalbidetu
duen teoriaren eta algoritmoen garapenean. Hainbat liburu
argitaratu ditu, hala nola: Visual Reconstruction, A. Zissermanekin
(MIT press). Active Vision, A. Yuille-rekin (MIT Press), eta
Active Contours, M. Isard-ekin (Springer-Verlag).
Bi aldiz irabazi du European Conference on Computer Vision saria
(1992an R. Cipolla-rekin eta 1996an M. Isard-ekin) eta IEEEren
(Nazioarteko Ingeniari Elektriko eta Elektronikoak) David Marr saria
irabazi zuen 2001ean (K. Toyama-rekin batera). 2006an zilarrezko
domina eman zion Londreseko Ingeniaritzako Errege Akademiak,
eta 2007an Ingeniaritza eta Teknologia Erakundearen (IET)
Mountbatten urrezko domina jaso zuen (aurretik ordenagailuen
munduko Maurice Wilkes eta Tim Berners-Lee aitzindariek irabazi
zuten, besteak beste). 2011n Blakek eta Microsoft Researcheko
bere lankideek Ingeniaritzako Errege Akademiaren MacRobert
urrezko domina jaso zuten mugimendua antzemateko Microsoft
Kinect 3D sistemaren errekonozimendu automatikoagatik.
Londreseko Ingeniaritzako Errege Akademiako kide izendatu
zuten 1998an, IEEEkoa 2008an eta Royal Societyko 2005ean.
2010. urtean Royal Societyko batzordeko kide izendatu zuten,
eta 2012an EPSRCko Batzordekoa. Honoris causa izendatu dute
Edinburgoko Unibertsitateak eta Sheffieldekoak.
Alessandra Buonannok fisika teorikoaren arloan egin zuen
doktoregoa Pisako Unibertsitatean, Italian. Denbora labur bat
eman ostean CERNeko teoria sailean, doktorego osteko ikerlari
bezala Frantziako Institut des Hautes Etudes Scientifiques (IHES)-
ean lan egin eta, ondoren, Tolman Prize Fellowship beka lortu
zuen Kaliforniako Teknologia Institutuan ikertzeko, AEBetan.
Marylandeko Unibertsitateko fisikako katedradun izatea lortu izan
aurretik, ikertzaile finko gisa aritu zen Institut d’Astrophysique de
Paris (IAP) eta Parisko Laboratoire Astroparticule et Cosmologie-n
(APC) non Centre Nationale de la Recherche Scientifique (CNRS)
zentroarentzat egiten zuen lan. Marylandeko Unibertsitatean
ari zela, Alfred P. Sloan Fundazioko ikertzaile izan zen. William
and Flora Hewlett beka ere lortu zuen Harvard Unibertsitateko
Radcliffe Institute for Advanced Study delakoan ikertzeko.
International Society on General Relativity and Gravitation
eta American Physical Society elkarteetako kide da. 2014ko
udazkenetik Potsdameko Fisika Grabitazionaleko Max Planck
Institutuko (edo Albert Einstein Institutuko) zuzendarietako
bat da eta College Park Professor kargua du Marylandeko
Unibertsitatean. Perimeter Institutuko ikerketako katedradun
bisitaria ere bada. Buonannoren lanek fisika grabitazionalaren
hainbat arlo jorratzen dituzte, bereziki grabitazio uhinekin
loturiko fisikaren eta astrofisikaren alderdi teorikoak eta
fenomenologikoak. LIGO Lankidetza Zientifikoko Ikerkatzaile Nagusia da.
Elena Cattaneo katedraduna Biozientzia Saileko Zelula Amen
Biologia eta Gaixotasun Neurodegeneratiboen Farmakologia
Laborategiko zuzendaria da, baita Milango Unibertsitateko
UniStem Zelula Amen Ikerketa Zentroko sortzailekide eta
lehenengo zuzendari ere. Cattaneoren laborategiko ikerketagai
nagusia Huntingtonen gaixotasunaren (HD) patofisiologia
molekularra da. Laborategiaren xede nagusia Huntingtonen
gaixotasunarekin lotutako ebakuntza terapeutikorako egokiak
diren zelula, molekula eta bide berriak identifikatu eta
medikamentuen probak egiteko erreaktibo berriak identifikatzea
da. Laborategia 20 zientzialarik osatzen dute, barne-kudeaketaz
arduratzen den pertsonala barne.
Zelula ama neuronal eta Huntingtonen gaixotasunari buruz
eginiko ikerlanei esker Medizinako “Le Scienze” saria eta Italiako
Errepublikako presidenteak emandako urrezko domina irabazi
zituen Cattaneok 2001ean. 2005ean Marisa Bellisario eta Chiara
D’Onofrio sariak irabazi zituen; 2006an Italiako Errepublikako
Merituaren Ordenako zaldun ofizial izendatu zuten eta 2013an
Italiako presidente Giorgio Napolitanok biziarteko senatari
izendatu zuen. Horretaz gain, Stem Cell Person of the Year izendatu
zuten 2013an Paul Knoepfler-ek eta bere blogaren irakurleek, eta
Zerbitzu Publikoaren ISSCR saria jaso zuen 2014an, Paolo Bianco
eta Michele De Lucarekin batera “Italiako eztabaida publikoan
eta politikagintzan parte hartzeagatik, eta estandar zientifiko eta
mediko zorrotzak errespetatzeagatik ere zelula amekin eginiko
tratamendu kliniko berriak sartzeari dagokionez”.
Cattaneo doktoreak 160 artikulu inguru argitaratu ditu aldizkari
zientifikoetan eta 400 eskola eta hitzaldi baino gehiago ematera
gonbidatu dute. Bestalde, aktiboki parte hartzen du komunitate
zientifikoari eta publikoari zuzenduriko ekitaldi profesional eta
parte-hartzaileen antolakuntzan.
Claude COHEN-TANNOUDJI
Fisika
École Normale Supérieure (ENS), Frantzia
Fisikako Nobel Saria 1997
- Topaketak | Asteazkena, 28 IRA | Bizkaia Aretoa UPV/EHU, Bilbao | Bigarren hezkuntzako ikasleeak
- Hitzaldi Nagusia | Ostirala, 30 IRA | Victoria Eugenia antzokia, Donostia | Guztientzat
Konstantinan (Aljeria) jaiotako frantziar fisikaria da. 1962an,
Pariseko Goi Mailako Eskola Normalean (École Normale
Supérieure-ENS) lortu zuen doktoregoa. 1960an, Ikerketa
Zientifikoko Zentro Nazionalean (Centre National de la Recherche
Scientifique-CNRS) sartu zen, eta bertan aritu zen 1964ra arte;
urte horretan, Pariseko Unibertsitateko irakasle izendatu zuten.
1973an, fisika atomikoko eta molekularreko irakasle gisa hasi
zen Pariseko Collège de France ikerketa-zentro ospetsuan, eta
lan horretan aritu zen urte luzez. Cohen-Tannoudji irakasleak
esperientzia handia du irakaskuntzan eta fisikako ikasleek,
unibertsitatekoek zein graduondokoek, biziki balioesten dituzten
hainbat testuliburu argitaratu ditu.
Laser izpiekin atomoak geratzeko, hozteko eta harrapatzeko
erabili daitezkeen mekanismoen ikerketan aitzindari izan zen.
Cohen-Tannoudji eta bere taldea izan ziren aurrenekoak atomoak
tenperatura oso baxuetan hozten, zero absolutotik (-273ºC) gora,
gradu baten milloirena baino tenperatura baxuagoan. Cohen-
Tannoudjik eta beste zenbait zientzialarik diseinatutako teknikek
hainbat aplikazio espezifiko ekarri dituzte, hala nola zehaztasun
handiko ordulari atomikoak, doitasun handiko interferometro
atomikoak, eta grabitatearen indarra eta errotazioaren abiadura
neurtzeko girometroak. Era berean, teknika horiek funtsezkoak
izan dira materiaren egoera berriak sortzeko, Bose-Einstein
kondentsatuak, esaterako.
François ENGLERT
Fisika
Université Libre de Bruxelles, Belgika
Fisikako Nobel Saria 2013
Belgikan jaio zen, 1932an. Judu poloniarrak izaki, Belgikara
emigratu zuten gurasoek, eta han gerratik onik atera ziren pertsona
askok eskuzabaltasunez emandako laguntzari esker. François
Englert lehenik Ingeniaritza Elektriko Mekanikoan lizentziatu zen,
gero, 1958an, Fisikako masterra egin zuen, eta 1959an doktoretza
lortu zuen. Ikasketak amaitu eta gero, Estatu Batuetara jo zuen
Cornell Unibertsitatean (Ithaca) orduko katedradun gazte Robert
Brout zientzialariarekin batera ikerlari gisa lan egiteko. Bizitza osoa
iraungo zuen adiskidetasun baten abiapuntua izan zen hura, baina
baita oso emankorra gertatuko zen lankidetza zientifikoaren hasiera
ere; izan ere, Bruselako Unibertsitate Libreko fisika teorikoko taldeko
zuzendaritza partekatu zuten eta elkarrekin aurkitu zuten, 1964.
urtean, masa sorrarazten duen mekanismoa, Brout-Englert-Higgs
(BEH) deituriko mekanismoa, hain zuzen. 2011n zendu zen Robert
Brout, eta François Englertek, Peter Higgsekin batean, Fisikako
Nobel Saria jaso zuen 2013an aipatu deskubrimendua egiteagatik.
Fisikari belgikarrak Asturiasko Printzea Saria irabazi zuen 2013an
Peter Higgsekin eta CERN erakundeko laborategiarekin batera.
Fisika modernoak zehazten duenez, eraikuntzako blokeen moduan
jarduten duten partikula batzuek osatzen dute materia. Partikula
horien artean badira beste partikula batzuek esku hartzen duten
indar batzuk. Partikula gehien-gehienen funtsezko ezaugarria
da masa edukitzea. 1964. urtean Robert Broutek eta François
Englertek partikulen masaren jatorriari buruzko artikulu bat eman
zuten argitara: partikulen masaren jatorria simetriaren hausturan
oinarritzen zen, eta funtsezko partikula baten presentzia iragarri
zuten, teoria mailan bada ere, aipaturiko fenomenoa azaltzeko.
Peter Higgsek, bere aldetik, gai berari buruzko beste artikulu
bat plazaratu zuen sei aste geroago. 2012an, CERN erakundeko
laborategiko Hadroi Kolisore Handian burututako bi esperimentuk
(ATLAS eta CMS) berretsi egin zuten aipatutako partikularen
presentzia, hau da Brout-Englert-Higgs bosoia deituarena. Englert
irakasleak sari eta ohoragarri ugari jaso ditu goian adierazitakoez
gain; horien artean dago Fisikako Wolf Saria, 2004. urtean jasoa
(Robert Broutekin eta Peter Higgsekin batera). Honoris causa
izendatu dute izen handiko unibertsitate askok, eta Europako
Fisika Elkarteko eta Solvay Institutuko ohorezko kidea da, Belgikako
Jeunesses Scientifiques elkarteko ohorezko presidente izateaz gain.
Baroi titulua jaso du Belgikako erregearen eskutik.
William (Ned) Friedman Harvard Unibertsitateko Organismika
eta Biologia Ebolutiboaren Katedraduna da, eta Harvard
Unibertsitateko Arnold Arboretumeko zortzigarren zuzendaria
144 urteko historian. Nazioartean luze eta zabal aitortu dute
Friedmanek landare hazidunen historia ebolutiboari buruz egin duen
ikerlana. Friedman irakaslearen azterlanei esker, landare loredunen
eboluzioaren hastapeneko lehen faseei buruzko mendeko
ikuspegia errotik aldatu da, hau da, Darwinen “misterio
gogaikarria”. Bere karreraren hastapenetan, AEBko Zientziaren
Fundazio Nazionalak hautatu zuen Gazte Ikertzaile Presidentzial.
Linnean Society of London-eko eta Zientziaren Aurrerapenerako
Amerikar Elkarteko kidea da. Gaur egun “Ezagutu Darwin”
izeneko mintegi bat ematen du Harvarden, zeinean ikasleek
Charles Darwinen hamar esperimentu egiten dituzten eta gai
bakoitzarekin lotura duten gutunak irakurtzen dituzten (bai,
ikasleek uso zaleekin lan egiten dute, eta zizareek pianoaren eta
fagotaren soinuari erantzuten dioten aztertzen dute).
Arnold Arboretumeko zuzendari gisa, Friedman irakasleak gogotik
lan egin du Arboretumaren inpaktu soziala zabaltzeko egitarau
publiko baten bitartez, zientzialarien eta publikoaren arteko
komunikazioa sustatu nahian, eta Arboretumeko eta Asiako
biodibertsitatearen arteko harremana ere indartu ditu. 2016an,
lau urtez plangintza zabal bat egin ondoren, hamar urteko
ekimen bat abiatu du Arnold Arboretumek datorren mendera
begira dituen bilduma biziak taxutu eta handitzeko. Mundu
osoan landareak bilatu ondoren, zurezko landare espezieen
bilduma berriak txertatuko zaizkio Bostoneko lorategi botaniko
paregabe honi. Horri esker, Harvardeko botanikari eta ingurumen
zientzialari belaunaldi berri baten formakuntza bermatuko da,
aldaketa klimatikotik hasi eta genomika arte, erronka mota ugariri
aurre egiteko prest egongo den belaunaldia prestatuz.
Dudley HERSCHBACH
Fisika-Kimika
Harvard University, Estatu Batuak
Kimikako Nobel Saria 1986
- Hitzaldi Nagusiak | Asteartea, 27 IRA | Victoria Eugenia antzokia, Donostia | Guztientzat
- Topaketak | Ostirala, 30 IRA | Eureka! Zientzia Museoa, Donostia | Bigarren hezkuntzako ikasleeak
- PhD Formakuntza | Osteguna, 29 IRA | DIPC, Donostia | Guztientzat
Dudley Herschbach San Josen jaio zen (Kalifornia), 1932an.
Stanford Unibertsitatean ikasi zuen, eta bertan, Matematikan
graduatu zen 1954an eta Kimikako Masterra eskuratu zuen
1955ean. Ondoren, 1956an, Fisikan graduatu zen Harvardeko
Unibertsitatean, eta Kimikan doktoratu zen 1958an. Jarraian,
fisikako eta kimikako irakasle lanetan hasi zen Berkeleyko
Unibertsitatean eta 1963an Harvardera itzuli zen kimikako
katedradun bezala. Egun, Harvardeko Katedradun Emeritoa
da eta 2005az geroztik fisikako lanaldi partzialeko irakasle ere
bada Texaseko Unibertsitatean. Herschbach irakaslea hainbat
akademia eta instituzioko kide da, eta nazioarteko sari eta
ohore ugari jaso ditu. Bere kolaboratzaile, Yuan T. Lee eta John
C. Polanyi, kimikari kanadiarrarekin batera, 1986an Kimikako
Nobel Saria jaso zuen, oinarrizko prozesu kimikoen dinamikaren
inguruan eginiko ekarpenengatik.
Herschbach hezkuntza zientifikoaren eta jendarteko kultura
zientifikoaren jarraitzaile sutsua da. Adin guztietako ikasleei
hitzaldiak ematen dizkie, zientzia eta aurkikuntzarekiko
duen grina helarazteko. Denbora luzez, Talentu Zientifikoak
Aurkitzeko Intel Azokako eta Nazioarteko Zientzia eta
Ingeniaritzako Intel Azokako Administrazio Kontseiluko Buru
izan da. Herschbachek ahotsa jarri zion ‘Simpsondarren’
“Treehouse of horror XIV” izeneko 2007. atalari, non Frink
irakasleari Fisikako Nobel Saria ematen agertzen zen.
Martin KARPLUS
Kimika
Harvard University, Estatu Batuak;
Université de Strasburg, Frantzia
Kimikako Nobel Saria 2013
- Topaketak | Asteazkena, 28 IRA | Bizkaia Aretoa UPV/EHU, Bilbao | Bigarren hezkuntzako ikasleeak
- Hitzaldi Nagusiak | Osteguna, 29 IRA | Victoria Eugenia antzokia, Donostia | Guztientzat
- PhD Formakuntza | Asteartea, 27 IRA | DIPC, Donostia | Guztientzat
Martin Karplus Vienan jaio zen, Austrian, 1930ean. Harvarden
lizentziatu zen, 1950ean, eta 1953. urtean amaitu zuen
doktoregoa Caltech-en, Kaliforniako Teknologia Institutuan.
1953 eta 1955 artean Oxfordeko Unibertsitateko doktoratu
osteko ikertzaile izan zen NSFren beka batekin, eta hori
amaitutakoan, 1955. urtean bertan, Illinoisko Unibertsitatean
hasi zen lanean. 1960an Columbiako Unibertsitatean sartu
zen irakasle, eta 1966an Harvarden; azken horretan, Kimikako
Theodore William Richards katedraren jabe egin zen 1979an.
Bestalde, Louis Pasteur Unibertsitateko irakasle ere bada. Honako
hauetako kide da: National Academy of Sciences (AEB), American
Academy of Arts & Sciences, eta Netherlands Academy of Arts &
Sciences eta Royal Society of London erakundeetako atzerriko
kide. Frantziako Ohorezko Legioko komandante da. Hainbat
unibertsitatetan izendatu dute honoris causa eta sari ugari irabazi
ditu zientziari eginiko ekarpenengatik; horien artean Kimikako
Nobel Saria, 2013an.
Bere karreraren hasieran erresonantzia magnetikoaren
espektroskopia aztertu zuen Karplusek, eta spin-spin akoplamendu
nuklearraren konstanteei buruzko bere azterketa teorikoak interes
berezia piztu zuen. Funtsezko ekarpenak egin dizkio molekula
txikien arteko talka erreaktiboen teoriari, ibilbidearen kalkuluetan
oinarrituta. Gorputz anitzen perturbazio teoria sistema atomiko
eta molekularrei aplikatu dien lehenengo zientzialarietako
bat izan da. Bere ibilbidean, kimika eta biokimika teorikoaren
hainbat arlotan egin ditu ikerketak Karplus irakasleak, eta bere
emaitzak 700etik gora aldizkarietako artikulutan eta liburuetako
kapitulutan aurkeztu ditu. Horrez gain, bi liburu ere argitaratu
ditu. Karplusen interes nagusia metodo teorikoak garatzea eta
baliatzea izan da arazo kimikoak eta biologikoak sakonago
ezagutzeko eta ulertzeko. Bere ekarpenak ezinbestekoak izan
dira teoriaren bilakaeran, arlo espezializatu batetik hasi eta
kimika modernoaren ardatz izaterarte, eta berrikiago, biologia
estrukturalean.
1943. urtean jaioa Schrodan (garai hartan alemanek okupatutako
Polonia, egun Polonia), Klaus von Klitzingek Fisika ikasi zuen
Braunschweigeko Unibertsitate Teknikoan. Karrera zientifikoa
jarraitu zuen Würzburgeko Unibertsitatean; 1972an doktoregoa
bukatu eta irakasle gaitasuna lortu zuen 1978an. Geroago,
irakasle izendatu zuten Municheko Unibertsitate Teknikoan (1980-
1984), eta, ondoren, ohorezko irakasle bihurtu zen Stuttgarteko
Unibertsitatean eta Egoera Solidoaren Ikerketarako Max Planck
Institutuko Zuzendari eta Kide zientifikoa, 1985ean. Gaur egun,
Klaus von Klitzing irakaslea “Dimentsionaltasun baxuko elektroi
sistema” saileko burua da Egoera Solidoaren Ikerketarako Max
Planck Institutuan, Alemanian.
Bere karrera zientifikoan zehar, Klaus von Klitzingek ikerketa
egonaldiak egin ditu Oxfordeko Unibertsitatean, Ingalaterran,
Grenobleko Eremu Magnetiko Altuko laborategian, Frantzian,
eta IBMko ikerketa laborategian, Yorktown Heightsen,
AEBn. 1985ean, Fisikako Nobel Saria jaso zuen “Hall efektu
kuantifikatuaren aurkikuntzagatik”. Gaur egun, von Klitzingen
aurkikuntza mundu osoan erabiltzen da doitasun handiko
neurketak egiteko eta bidea ireki du gailu nanoeletronikoetan
aplikazio eta garapen berriak sortzeko eta maila mikroskopikoan
ulertzeko.
Sir John PENDRY
Fotonika
Imperial College London, Erresuma Batua
- Hitzaldi Nagusiak | Asteazkena, 28 IRA | Victoria Eugenia antzokia, Donostia | Guztientzat
- Hitzaldi Nagusia | Osteguna, 29 IRA | Amphithéâtre Pitres, Université de Bordeaux, Bordele | Guztientzat
Ingalaterran jaio zen eta Imperial College London erakundeko
Blackett laborategian dihardu 1981az geroztik. Cambridgeko
Unibertsitateko Cavendish laborategian ekin zion bere ibilbideari,
eta ondoren, Erresuma Batuko Science and Technology Facilities
Council erakundeko Daresbury laborategiko teoria-taldea
zuzendu zuen sei urtez. Marconi enpresarekin lankidetzan,
hainbat “metamaterial” diseinatu zituen (alegia, naturan
aurkitzen ez diren propietateak dituzten material artifizial
berritzaileak). Horrenbestez, permitibitate elektriko negatiboa
duten metamaterialak diseinatu eta egin zituzten, eta geroago,
berriz, iragazkortasun magnetiko negatiboa dutenak. “Lente
perfektua” egiteko proposamena izan zen proiektuaren gailurra;
hau da, uhin-luzerak mugatzen ez duen lentea. Pendryren lanen
artean, errefrakzio-indize negatiboen ikerketa eta aplikazio
praktikoa duen lehenengo “ikusezintasun-kapa” dira oihartzun
gehien jaso dutenak.
Imperial College London erakundeko Fisika Saileko buru izan
zen John Pendry, baita Fisika Zientzien Fakultateko dekano
ere. Jaso dituen izendapen eta sarien zerrenda luzeari begira,
aipatzekoak dira, besteak beste: Royal Societyko kidea (1984),
Cambridgeko Unibertsitateko Downing Collegeko ohorezko
kidea, baita IEEEkoa ere (Nazioarteko Ingeniari Elektriko eta
Elektronikoak), Dirac saria (1996) eta Royal Societyko erregedomina
(2006). Gainera, “Sir” titulua ere jaso du (2004),
zientziari egindako ekarpenak direla eta. Berriki, Zientziaren
Amerikar Akademia Nazionaleko Bazkide Atzerritar hautatu
dute. 2013an, Fisikako Institutuak Newton Domina eman zion,
eta 2014an, berriz, nanoteknologiaren arloko Kavli Prize saria
jaso zuen.
Alvaro de Rújula Madrilen jaio zen, eta bertako Unibertsitate Konplutentsean ikasi eta egin zuen doktoregoa, Fisikan. Italian (ICTP, Trieste) eta Frantzian (IHES eta Saclay, Parisetik hurbil) egin du lan, baita AEBetan (Harvarden eta Bostongo unibertsitatean) eta CERNen ere (hainbat estatusekin, udako ikasle izatetik Teoria Departamentuko zuzendari izatera). Joan den mendeko 70eko hamarkadan oinarrizko partikulen Eredu Estandarra finkatzen lagundu zuen; zehazkiago Kromodinamika Kuantikoaren, partikula “sorginduen” eta hadroien masaren azterketaren esparruetan. Geroago, bestelako hainbat arlotan egin du lan; bereziki neutrinoen bidez Lurra “erradiografiatzeko”, haien masak laborategian neurtzeko, Unibertsoan antimateria bilatzeko, “izpi kosmikoak” ulertzeko eta metodo sofistikatuen bidez Higgsen bosoia aurkitzeko aukerak ikertzen.
1954. urtean Bilbon jaioa. 1980 eta 1987 bitartean Almerian lan egin
zuen Max Planck Institut fur Astronomie espainiar-alemaniar Zentro
Astronomikoan (Calar Altoko Behatokia). 1986. urtean doktoretza
lortu zuen Fisika Zientzietan Euskal Herriko Unibertsitatean eta
doktoretza sari berezia eman zioten. 1987an Euskal Herriko
Unibertsitateko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan hasi zen
eskolak ematen, eta gaur egun aipatu ikastegiko Katedraduna da
Fisika Aplikatua sailean eta zuzendaria Fisika Aplikatua I Sailean.
Europako Espazio Agentziaren (EEA) Eguzki Sistema Esploratzeko
Aholkularitza Batzordeko kidea izan da, eta egun E-ELTren (europar
teleskopio handia, European Southern Observator) Zientzia
Programako eta Astronomiako Batzorde Nazionaleko kidea da.
Batez ere planetetako atmosferak ditu aztergai, eta UPV/EHUko
Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendaria da. Europako Espazio
Agentziaren Venus Express, ExoMars18 eta JUICE (Jupiter Icy
Moon Explorer) misio espazialetan eta NASAren Mars 2020
misioan ikertzailekide da. 200dik gora artikulu eman ditu argitara
ikerkuntza lanetan espezializatutako aldizkarietan, eta horietatik
10 artikulu Nature (4 aldiz azaldu da azalean) eta Science izen
handiko aldizkarietan. Unibertsitateko irakasle gisa jendaurreko
hitzaldiak eman ditu estatu osoan barrena, baita eskola, mintegi
eta ikastaroak ere unibertsitateetan nahiz kulturetxeetan. Era
berean, zientzia gizarteratzeko artikulu ugari idatzi ditu, baita
liburuetan eta entziklopedietan argitaratutako hainbat kapitulu
ere. “An Introduction to Planetary Atmospheres” (Taylor & Francisek
argitaratua - CRC, AEB) testu liburuaren egilea da. EspaZio
Gelako zuzendaria da eta Zientzia eta Teknologia Espaziala izeneko
Masterraren arduraduna da. 13 doktore tesitan eta egun bidean diren
beste 4 doktore tesitan zuzendari eta zuzendarikide izan da. 2010.
urtean Revista Española de Física aldizkarian argitaratutako artikulu
onenaren saria eman zioten, eta 2014an Fisikaren Irakaskuntza eta
Dibulgazio saria jaso zuen. Bi sari horiek Real Sociedad Española de
Física - BBVA Fundazioaren eskutik jaso zituen.
Brain Activity Map Project (Garun Jarduera Mapeatzeko Proiektua)
proiektuaren inspiratzailea da. Maila handiko nazioarteko
ekimen bat da, garun-zirkuituetan neurona bakoitzaren
jarduera erregistratzeko eta manipulatzeko xedea duena.
Obamaren administrazioak babestu du proiektua BRAIN asmo
handiko ekimena bezala. Yuste, BRAIN ekimenaren haserako
proposamena aurkeztu zuen ikerlari taldearen buru izan zen, eta
egun NIH BRAIN aholkulari taldeko kidea da eta haren neuroetika
batzordean parte-hartzen du. Rafael Yuste Biologia Zientzien eta
Neurozientzien katedraduna da, Columbiako Unibertsitatean
(AEB). Madrilen jaio zen, eta bertan egin zituen ikasketak.
Unibertsitate Autonomoko medikuntzako doktore egin zen,
Jiménez Díaz Ospitale Fundazioan. Cambridgeko (Erresuma
Batua) LMBn, Sydney Brener Nobel Saridunaren taldean ikerketa
aldi labur baten ondoren, doktoregoko ikasketak egin zituen
Larry Katz ikerlariarekin, New Yorkeko Rockefeller Unibertsitateko
Torsten Wiesel Nobel Saridunaren laborategian. Ondoren, Bell
Laborategietako Fisikako Dibisioan sartu zen eta han lau urteko
doktore-ondokoa egin zuen David Tank eta Winfreid Denk
ikertzaileekin batera, Konputazio Biologikoko Sailean. 1996.
urtean, Columbia Unibertsitatearen Biologia Zientzien Sailean
sartu zen. 2005. urtean, HHMI ikertzaile eta Garun Zirkuituen
Kavli Institutuko zuzendarikide izendatu zuten, Columbian. Gaur
egun, Neurotechnology Center-eko (NTC) zuzendaria da, alegia,
BRAIN ekimen presidentzialari erantzuna emateko Columbiako
Unibertsitateak sortu duen zentrua.
Yuste doktorea eta haren laborategia “alderantzizko ingeniaritza”
estrategia bat ari dira ezartzen, mikro-zirkuitu kortikalaren
funtzioa ulertzeko, oinarrizko elementua baita garuneko azalaren
arkitekturan. Gai horiek ikertzeko, Yuste aitzindaria izan da laserirudi
tekniken garapenean eta aplikazioan. Zirkuitu neuronalen
kaltzio-irudiak, irudi bifotonikoa, eta fotoestimulazioa, konposatu
kaiolatuak eta argi modulazio bidezko mikroskopia holografikoa
erabili ditu. Aurrerapen tekniko horien bidez hainbat patente
erregistratu dira, eta horietako bi merkaturatzeko lizentzia dute
dagoeneko.Yustek hainbat sari jaso ditu, eta horien artean New York
Hiriaren Alkatearen Saria eta Neurozientzien Elkarteko Ikertzaile
Gaztearen Saria nabarmentzen dira. Era berean, Real Academia
Española de Ciencias eta Academia de Medicinako kide da.